2015(e)ko urtarrilaren 7(a), asteazkena

Parkean

Espazioa, harremanak, objektuak eta denbora parkean aztertzen


Iaz, garapen psikomotorraren irakasgaian jolasaren barne logikako elementuak ikasi  genituen. Lau dira eta funtsezkoak izaten dira jolasa osotasunez ulertzeko. Horren inguruan, behaketa bat egin genuen parke batean. Haurrek praktikatutako jarduera motrizeak elementu horien arabera aztertu genituen. Lana oso interesgarria izan zela uste dut, ikasgelatik kanpo haurre garapena bertan ikus daitekeelako ere. 

Beraz, buelta bat eman ondoren, lan horren laburpentxo bat ipintzea erabaki dut, gaiarekin erlazio zuzena daukalako eta etxetik zein eskolatik kanpoko jarduerak burutzen dituztelako. Hona hemen laburpentxoa;



Parkea, haurrek Euskal Herrian, egunerokotasunean maizago bisitatzen duten espazioetako bat dela esan dezakegu. Horren ondorioz, jarduera motriz hau sakonki aztertzea erabaki genuen, barne logikako elementuak (Parlebas) kontuan hartuta, erabilitako espazioa, denbora, harremanak eta objektuak erlazionatzen ditugun bitartean.

Honetarako, Euskal Herriko, zehatzago, Bizkaiko herri bat aukeratu genuen, Santurtzi hain zuzen ere. Bilbo Handiko eskualdean, Ibaizabalen ezkerraldean eta Serantes mendiaren magalean kokatuta aurkitzen dugun herria. 
  • Espazioa
Haurrek erabilitako espazioa parkea eta haren ingurua izan zen. Lehen esan bezala, behatutako parkea Santurtziko erdigunean kokatuta zegoen, portu zaharretik gertu eta herriko plazaren alboan. Parkearen barnean, zelaigune bat zegoen, bankuz eta paseatzeko espaloiaz beteta.

Naturazko giroa nabaritzen zen, zuhaitzez beterik baitzegoen. Lekua, beraz, ondorioztatu genuen, egokia eta ezin hobea zela haurrek jarduera motrizak praktika zitzaten. Haurrek parkea bere osotasunean erabiltzen zuten, praktikatzen zuten jardueren arabera. Jolasgunea txokoetan banatuta zegoela ikusten zen, garapen motriz maila ezberdinetako haurrei egokitzeko. Adin gutxiko haurrentzat eskuen motrizitatea lantzeko eta jolas sinbolikoa garatzeko diseinatuta zeuden espazioak zeuden, esate baterako, birarazi erruletak edo kanpoaldean mahai bat zuen etxetxoa, aita-ametara jolasteko.

Hori guztia kontuan izanda, espazioa ziurra dela esan dezakegu. Parkean aurkitzen dute etxean izandako konfiantza, segurtasuna eta babesa, espazioa eta baldintzak aldaezinak direlako eta horrela seguru sentitzen dira. Hots, espazio ziurrean jolasten duten haurrek, ez dute inguruaren azterketa bat egin behar, informazioa beti bera izango delako.
  • Denbora
Jardueren denbora ziklikoa zen, beraz, ez zenmugatua; umeak nahi zuten denbora ematen zuten leku bakoitzean, baina tarte gehiegi zeramatenean gurasoak beste leku batera eramaten zituzten haiek eskatu barik, era inkontzientean. Ez zegoen irabazlerik haiek praktikatutako joko-jolasetan, plazera bilatzeko, elkarbanatzeko eta errepikatzeko asmoz egiten zutelako.

Badaude joko- jolasak amaiera arauengatik zehaztuta ez daudenak. Hauek hasi eta bukatzen dira behin eta berriro eta bakarrik kanpoko faktoreren bat eraginda amaitzen dira; bai nekeagatik, orduagatik eta beste zenbait ezaugarriengatik. Hots, hau bukatzen denean, partaideen arteko erlazioa bukatzen da.
  • Harremanak
Harremanei erreferentzia egiten badiogu, haurrak elkar komunikatzeko bi modu zituzten, jolasaren bidez gauzatzen zituztenak; bakarrik, hau da, psikomotrizitatea edo taldean, soziomotrizitatea garatuz.

Jarduera batek ez badu eskatzen partaideen elkarrekiko komunikazio motriza, hauek bakarka jolastuko dute eta beraz, ez dute mantenduko erlaziorik. Horrez gain, bakarkakoak diren ekintzak, hau da, psikomotoreak, umearen bakarkako gaitasunak hobetzera laguntzen dute. Bestalde, soziomotorra den joko edo jolas bat, haurrari komunikatzeko, erlazionatzeko, emozioak adierazteko aukera ematen dio. Hori dela eta, komunikazio motriza duen jarduera soziomotorra, erabakiak hartzea beste partaideen inguruan eskatzen du. Taldeka jolastea erabakitzen dutenean, objektuekin edo hauek gabe izan daiteke; ezkutaketan edo harrapaketan adibidez.

Jolasgunean, oraintxe aipatutako bi elkar komunikatzeko moduak aurkitu genituan. Hala ere, konturatu ginen jarduerak behatuz, bata bestea baino gehiago nabarmentzen eta ematen zela, soziomotorra hain zuzen ere.
  • Objektuak
Jarduera motriz honen objektuak aztertuko ditugu. Aurrerapen teknologikoak direla medio, objektuak haurrei begira eta egokituak daudela konturatu ginen. Hala izanda, modernoagoak ziren eta jarduera gehiago praktikatzeko eginda zeuden, barietate handiagoa izanez. Haurrentzat egokituta egon ez ezik, inguruarekin ere bat zetozela ikusi genuen eta barietatea anitza zela konturatu ginen.


Informazio guzti hau aztertuz, gizarteak antolatzeko modu logiko bat duela ikus dezakegu baita haurren aisia egituratzean ere. Jolas lekuak txokoka antolatzen dira, gurasoentzako espazioa errespetatuz. Honekin batera, hiriko espazioa eta espazio naturalaren arteko hurbilketa lortzen saiatzen dela antzeman daiteke. Herri baten erdialdean, etxez inguraturik dagoena, zuhaitzak, lorategiak eta espazio berdeak tartekatzen dira, gure gizartean naturarekiko hurbiltasuna baloratzen den zerbait delako.

Aurretik aipatutakoa gure inguruan garrantzitsuak diren balioekin erlazio zuzena du: naturarekiko hurbiltasuna, familiaren garrantzia eta honetako kideek eskaintzen duten babesa, ondare kultura (parkearen elementuen diseinuan antzeman daitekeena) eta haurren erlazioen arteko dinamiketan sustatzen diren balioak, hala nola, elkartasuna, laguntasuna, errespetua eta elkarlana. Hori dela eta, joko-jolas soziomotorrak dira nabarmentzen direnak, haurrek gizartearentzako onuragarriak eta positiboak diren balio zehatz batzuk barneratzen dituztelako, jolasean aritzen diren bitartean, dibertituz eta espazio zabal eta ziur batez disfrutatuz, emozioak adierazten dituzten bitartean.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina